| |
| |
Gontzal Mendibilen ibilbidea, luzea eta emankorra da. Hobby legez hartu zuena bizigai bihurtu du. Atsegin eta atsekabe guztiak igaro ditu kantagintzan, aldi onak eta ez hain onak.
Baina gogoak eta ahaleginak mugitzen du bizitza eta inoiz baino biziago eta sormen handiagoz darrai kantagintzan. Gontzal, egunean egunean artistikoki hazten ari zaigu. Kantu ugari eta ehunka kantaldi urte hauetan zehar.
Bilduma hau, bere 13 musika-lanen aukeraketa bat dogu. 1975 urtean grabatu zuen “ZAURIETATIK DARIO” izeneko lehen diska, arrakastatsu bihurtu ziren orduko kantu asko.
Lasterrera gauzak zeharo aldatu ziren euskal musikan eta garai berrietara egokitzea zegokion.
Bigarren LPa “EGUSENTIARI AGUR” 1978 urtean grabatuko zuen. Bost urte geroago etorri zen bere lanik esperimentalena agian, “HASPEREN ITUN” .
1988 urtean Baztanen igarotzen ditu hilabete batzuk eta bertan sortuko du “EGUNEN BATEAN” izenaz bataiatuko zuen lana.
1991an erritmoz beteriko “ZU ZEU” datorkigu.
Ikuskizun musikaletan ere sartu izango da Gontzal. Halaxe dator 1992ean bere herritarrekin batera antzeztutako “IPARRAGIRRE HEGALARIA” eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta E.H.U. abesbatzarekin grabatua.
Urte bete geroago Gabon kanta berriz hornitutako “OLENTZARO”. Tartean haurrentzako abestiak eta beste kolaborazio ainitzetan parte hartu izango du. Berak sortutakoa eta ekoiztutakoa da baita LA BOTICA DE LA ABUELA telebistako programa entzutetsua.
2001.urtean Eslovakiako Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoiaren partaidetzaz, “MEMORIAN” plazaratzen du eta hiru urte geroago gaztelerara egokitutako “LAGRIMAS AL VIENTO”.
Bitoriano Gandiagaren omenezko ikuskizuna ere antolatuko du eta hainbat euskal kantarirekin batera “ELORRI LORATUA” deituriko CD bikoitza argitaratzen du.
2004koa da “ZURI SO” bere lan intimoa.
2005.urtean 3 CD biltzen dituen 42 kantu dakarzkigu bere 30 URTE kantagintzan ospatu asmoz . Bilduma horretan “GORBEIAKO HAIZEA” kantu berria eskeintzen digu, lasterrera izeburu horrekin bere lehen eleberria ere plazaratuko du.
2007.urtean ARRUPE Musikala sortuko du. Bilboko Euskalduna Jauregian izango da aurkezpena, Zuzeneko grabazioa 2CD+DVDa eta hurrengo urtean Loiolan 4.000 ikusleren aurrean.
2011ko ekainean NEURE TXIKI POLITA disko berriarekin datorkigu. ELKARen ia zuzenean egindako lan indartsua bezain gogoangarria, Gontzalek bizi eta entzun izandako Gorbeia inguruko kantuak jazten dute bere lan berria, tartean Gorbeiazake sutsua zendu berri den Sabin Intxaurraga bere lehengusuaren omenez sortutako "Malkoak euri balira" kantu kunkigarria. |
|
|
© Gontzal Mendibil 2010 |